About Me
Bilboko taldearen laugarren lana dugu. Beren ibilbidea hasierako egunetatik jarraitu dut, eta zalantzarik gabe egin duten diskorik biribilena eta, era berean, argitsuena da. Harrobian deitzen zen beren aurreko diskoa, gizakiaren eboluzioaren inguruan sortutako kantuak, beronen jaiotzatik heriotzaraino. Disko hartatik egundaino denbora dexente igaro da, taldeak hausnarketaren bidea hartu du, beren ideietan heldutasuna bilatu dute eta lortu ere, taldearen sonoritatea finkatuz.
Sortuz, grabitatearen aurka talde baten kantaera da, estilo baten demostrazioa eta batez ere, beren abestien bitartez beren izate propioa adierazten duen talde bat. Eta diskoa entzutea besterik ez dago sentsazio hori nabarmena dela konturatzeko.
Diskoaren arrazoibideak zeintzu diren? Bat: heldutasuna erakusten duen talde bat daukagu aurrean. Bi: berea egin duten sonoritate propio baten jabe dira eta era berean denboraren joanean maisuki garatzen jakin dute. Hiru: abestiek daukaten argitasuna eta baikortasuna barrutik irtetzen zaie, jada ez daukate ezer galtzeko, baizik eta irabazteko guztia. Lau: disko argitsua da, energiaz beteriko abestien topagunea. Eta bost: bihotzetik irteten den disko bat da. Zeren rock musika hori da, abesti atseginak, bai bizitza alaitzeko, bai bihotza uzkurtzeko; eta Zea Mays taldeak horren inguruan badaki eta lan berri honek bere barruan hori guztia dauka. Eta sorpresarik? Badaude, Besterik ez naiz abestia esate baterako, seguraski Euskal Herrian azken urteetan idatzi den abestirik biribilena. Zergatik ez?
Zeren, gauza guztiekin gertatzen den moduan, eta are gehiago abestiekin, iraganaren aukeraketa bat eginez gero, beti baita norbera bere historia berridazten duena, mapatik ezabatuz aurpegiak, keinuak, hitzak, sentipenak eta igarotako uneak berriro ere atzera egin eta hasieratik hasiz. Horren emaitza eta ondorioa: argiz beteriko arrazoibide bat, baikortasunez begiratzen zaion etorkizuna.
Eta disko honek ilusioa gordetzen du barnean, itxaropena, emozioz beteriko lenguaia propio bat, aurrera jarraitzeko beharrezkoa den baikortasuna. Zea Mays taldearen ibilbidea zerbaitek definitzen badu bere abestietan duten fedea da... ..